MUNITIBARKO ESKOLA

Munitibarko eskola MUNITIBAR herrian kokatuta dago.

Arbatzegi eta Gerrikaitz guneek osatzen dute Munitibar udalerria. Bizkaian dago, Oiz mendiaren magalean, Lea-Artibai eskualdean.

Markina, Durango, Lekeitio, Gernika eta Bilborako bideak gurutzatzen diren lekuan dago Munitibar eta, Oiz mendiarekin batera, Lea Ibarraren hegoaldea mugatzen du. Munitibar eta Gerrikaitz kaskoak gainera, lau auzo nagusi biltzen ditu 24,5 km²-ko azaleran: BerreƱo-Aldaka, Uriona, Gerrika eta Totorika. Lea ibaiak, udalerri honetako lurretatik beherakoan, Oiz mendiaren inguruan sortzen diren errekatxoen urak biltzen ditu.

Munitibarrek gaur egun 475 biztanle ditu gutxi gora-behera.
Nekazaritza giroko herri askotako joerari jarraiki, munitibartar gazteek inguruko hiri industrializatuagoetara jo zuten 70eko eta 80ko hamarkadetan.
Bailara osoan gehien hustu den herria dugu Munitibar. Gaur egungo datuak mende hasierako datuekin erkatzen baditugu, biztanle-kopurua herenera murriztu dela ikusten da. Azken urte hauetan ordea, mantendu egin da populazioa.

 

 

Gaur egungo eskola dagoen eraikina 1959. urtean egin zen. Sasoi haretan mutilek goiko gelan ikasten zuten eta neskek behekoan. Maisu-maistrak kanpokoak ziren eta ez zekiten euskeraz berba egiten. Aldiz, herriko umeek ez zekiten erderaz berba egiten eta euskera debekatuta zegoen.

Gaur egun Munitibarko herri eskola, eskola txiki eta publikoa da. Eskolan 2 urtetik-12 urtera bitarteko umeak daude lau gelatan banatuta.

 

 

Gure eskolan heziketa prozesua irakastea  baino kontzeptu zabalagoan ulertzen dugu.  Hau da, eskolan egunero ditugun erronkak, hurrengo eremuak ere kontuan hartzen ditu:
•    Ikasle bakoitzaren garapen orokorra erraztea.
•    Ikasleak bere ahalmenak uzten dion gehiena ikastea.
•    Ikasleak bizitzarako eta ikasteko jarrera positiboa izatearen balioa bultzatzea.
•    Ikaslearen jarduna gidatuko duten balioak trasmititzea.


Heziketa prozesu honetan  ikaslea bere osotasunean hartzea eta era integralean hezitzea da gure helburua.  Helburu hau lortzeko, umeen nortasuna, harreman sozialak eta arloei lotutako ikasketak garatzea da ikasleari dagokiona.